Home Principal | noticia → Sopelak adinekoen artean istripuak ekiditeko ikastaroa jarri du martxan

Sopelak adinekoen artean istripuak ekiditeko ikastaroa jarri du martxan

60 urtetik gorako pertsonei zuzendutako ikastaroa, bi modulutan banatuko da eta Kurtzio kultur etxean egingo da otsailaren 23an eta martxoaren 2an

Adineko pertsonen artean istripuak ekiditen laguntzeko eta lesio larriak eragiten dituzten erorketak prebenitzeko helburuarekin, Sopelako Udalak, Osakidetzarekin elkarlanean, “Adinekoen jausiak saihesteko tailerra” jarri du martxan.

 

60 urtetik gorako pertsonei zuzendutako ikastaroa, Kurtzio kultur etxean egingo da eta bi modulutan banatuko da. Lehenengoa, teorikoa, otsailaren 23an egingo da (11:00-13:00), areto nagusian eta bigarrena, praktikoa, martxoaren 2an (10:30-12:30), beheko solairuko geletan.

 

Modulu teorikoan parte hartzaileek honakoen gainean lan egingo dute, besteak beste: jausiak nola saihestu, zahartze prozesua, osasun berrikusteak, oinetako egoki eta bastoi, makuluak eta taka-taka ondo erabiltzen, osasunerako eta jausiak saihesteko jarduera fisikoaren onurak eta Gizarte Zerbitzuko Udal-baliabideak. Modulu praktikoan, aldiz, ohikoak diren egoerei nola aurre egin erakutsiko zaie, adibidez eskailerak nola jaitsi eta igo, aulki batean nola eseri eta altxa, nola oheratu eta nola jaiki ohetik, eta eroriz gero nola jardun.

 

Tailerrak, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko Osasuna Sustatzeko teknikariek, Sopelako Osakidetzako Osasun Zentroetako profesionalek eta udaleko osasun, kirol eta gizarte-zerbitzuetako teknikariek gidatuko dituzte. Ekimenean parte hartzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea Osakidetzako Osasun Zentroan, Kurtzio Kultur Etxean edota Gizarte Zerbitzuko Bulegoan.

 

Urtean 13.500 pertsona baino gehiago artatu Euskadin erorketak direla eta

 

Erorikoak dira Euskadin 64 urtetik gorako pertsonen erdiek urtean izaten dituzten istripuen %92, gehienbat emakumeek. Erorketen ondorioz, urtean 13.500 pertsona artatu behar izaten dituzte larrialdi-zerbitzuetan, osasun-etxeetan zein ospitaleetan, eta urtean 4.500 pertsonek ospitaleratu behar izaten dute.

 

Eroriko gehienak etxean gertatzen dira, edo etxearen inguruan, eta etxeko jarduerekin edo eguneroko bizitzako jarduerekin lotuta egon ohi dira, hala nola norberaren garbiketarekin, otorduak prestatzearekin, etxearen garbitasunarekin edo etxearen barruko edo etxetik kanpoko joan-etorriekin.

Fuente: Sopelako Udala



¿Quieres publicitarte en URIBE FM?

  • Si quieres que tu negocio tenga visibilidad radiofónica u online contacta con nosotros y te asesoraremos en función de tus necesidades.